XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sujet horren karietara erraten didazu zeure buruari behatu diozula, eta ez duzula zeure burua hein horretaraino beheititua kausitu.

Ados nago, eta horrek ez du zure ispilua fidela dela baizik frogatzen.

Baina ez zenukeen aiseago eta bidezkiago ondorioz uste izan beharko nik ez nuela hain segur zutaz halakorik pentsatu?

Alferrik nabil ideia bitxi horri kausarik bilatzen.

Iruditzen zait haatik zilegi dudala pentsatzea ezen nik bertze emakumeei egin dizkiedan laudorioetan duela horrek nolarebait kausa.

Ondorio hori ateratzen dut bederen, Tourvel andreaz edo Volanges ttipiaz hitz egiten didazularik nik baliatu ditudan maitagarri, zerutiar, hunkigarri izenondoak zuk niri irri doinuz errepikatu izanetik.

Ez dakizu ordea hain sarri gogoetatuak baino oharkabean hautatuak izaten diren hitz horiek gehiago dagozkiola batbederak hitz egiten ari denean bizi duen egoerari, presuna jakin bati zaion jaidurari baino?

Eta baldin, batak nahiz bertzeak biziki hunkitua nindukaten unean berean, ez bazintudan hala ere gutxiago desiratzen; baldin nabarmen hobesten bazintudan bi emakume horien gainetik, zeren azkenik bertze bien kaltetan baizik ez nintekeen gure lehen harremanari berriz lotu, ez dut uste horrek hain liskarbide handirik ekar dezakeenik.

Ez zait zailagoa izanen doi bat harritu bide zaituen xarma ezezaguna justifikatzea: zeren lehenik ezezaguna izateak ez baitu erran nahi bortitzagoa denik.

O! Nork gaindi litzake hala betiere berri nola betiere bizi bihurtzen soilik zuk dakizkizun plazer zoragarriak? Soilik erran nahi izan dut plazer hura nik oraino dastatu gabekoen motakoa zela; baina ezein baliorik emateko asmorik gabe; eta erran nuen gero, eta egungo egunean berriz errepikatzen dut, ezen, zeinahi ere den, jakinen dudala gudukatzen eta garaitzen.